martes, 13 de noviembre de 2012

DURANGO EZAGUTUZ

Sarrera honetan Durango herria eta bere inguruko bazterrak ezagutzera emango ditugu. Ez da eguneko irteera bat izango, baizik eta Durangalde osoan agintzen duen herriari buruzko gauza berriak ikasteko balio digu honek.

Durangok Ibaizabal errekaren ezker ertzean zabalgune bat osatzen du. Hegoaldean, geruza ia bertikalak dituen antiklinal estu eta puskatu txiki batek mendikatea osatzen du: ekialdetik mendebalderantz Udala, Anboto eta Alluitz mendiak aurkitzen ditugularik.

1940. urtetik hona Durangok etengabeko hazkuntza demografikoa ezagutu izan du, batez ere inguruan ezarri ziren industria ugarien eraginez. 80. hamarkadan, joera honek nolabaiteko geldialdia izan zuen krisi ekonomikoaren ondorioz. Mende erditik hona emandako biztanleria gorakadaren arrazoirik nagusiena Durangaldeko nekazal munduko eta itsas herrietako inmigrazioan aurkitu behar da eta, batez ere, baste lurraldeetako biztanleriaren etorreran. Gaur egun 30.000 biztanle inguru bizi dira bertan, inguruko herririk poblatuena izanik.

Durango neurri ertaineko zerbitzu hiria dugu. Autonomia Erkidegoko geografian estrategikoki kokatu­ta dago, eta langileriaren zati handi bat betetzen duen industria garrantzitsu bat du, batez ere, fundizio eta tresneriaren arloan. Durangok, Ibaizabal errekaren goi eta erdi harana betetzen duen eskualde burua iza­nik, zerbitzu arloa oso garatua du, batez ere, merkataritza, zerbitzu publiko, garraio, banku eta aseguruei dagokienean.

-Herriaren historia:

Durango Uria noiz sortu zen zehatz-mehatz jakiterik ez dagoen arren, historialari gehientsuenak bat datoz Santxo VI. "Jakintsuaren" (1150-1194) eta Santxo VII. "Indartsuaren" (1194-1234) erregealdien bitartean kokatzerakoan. 1195. urtean Gaztelako Alfontso VIII.ak Durangaldeko Konderri osoa bereganatzean, Uria Gaztelako Koroaren menpera pasatu zen.

Hasiera baten 3 kale paralelok ematen zioten itxura Uriari (Barrenkalea edo "Yuso", Artekalea eta Goienkalea edo "Suso"). Beranduago Kalebarria gehitu zitzaion. Kale guztiak zeharkale batek gurutzatzen zituen eta XVI. mendean oraindik bukatu gabe zegoen hegotik iparralderaino luzatzen zen harresi batez inguratuta zeuden.

XV. mende osoan zehar Uriak Zaldibar, Ibarguen eta Unzueta ahaide nagusien arteko borroken ondorioak jasan zituen. Garai horretan eraiki ziren jauntxoen dorretxeak:
Arandoño, Asteiza, Etxebarria, Lariz Monago eta Otalora. Gaur egun ia ez da dorretxe hauen aztarnarik gordetzen. Gaztelako Enrike III.-k (1339) eta Enrike IV.-k (1457) bisitaldiak egin zituzten. Udal artxibategian ageri denez Isabel erregina Katolikoak (1483) gaua eman zuen Larizko dorretxean Uriko eta merinaldeko foruak zin egitera etorri zenean.

Mende honetako gertakizunik aipagarriena Durangoko Heresia izenaz ezagutzen dena da (1442-1444). N

XVI. mendeko gertakizunik aipagarrienak Urian gertatu ziren zoritxarrekin lotuta daude. Horrela, 1517. urtean, Durango izurrite gogor batek eraso zuen eta herritar asko hil egin ziren. 1544an Uriko bazterrak urez gainezka egin zuten uholde izugarri baten ondorioz. 1554ko martxoaren 11n Uriak sute handi bat jasan zuen. Sutea Artekalean hasi zen, eta gutxira, zurezko etxe guztiak kiskali egin ziren. 1597an beste izurrite bat eman zen. Mende honetakoa dugu Udaletxearen eraikuntza, Bernabe Solano maisu harginak egina zati handi baten.

XVII. mendean zehar Durango Uriak Gaztelako Koroak Frantziaren aurka izan zituen gudu ugarietako ondorioak jasan zituen: bai dirutan bai jendetan. Sarri askotan, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuei laguntzera joan behar izaten zuten. Gudu hauen ondorioz burdingintzaren garapena eman zen, lantzak, ezpatak, daga, pikak eta antzerako armak eginez..

XVIII. mendea beherakada ekonomikoaren mendea dugu, eta honen adierazgarri Udalak ezartzen zituen zergak.

1813.an Kadizko Konstituzioa onartu zen Durangon. Urte batzuk geroago, Fernando VII.-k herritarren goresmena jaso zuen 1828ko ekainean Durangora egin zuen bisitaldian. Durangon oihartzun handia izan zuten Gerla Karlistek. Lehenengo Gerra Karlistan, Durango Uria Don Karlos erregegaiaren gortea bilakatu zen. Don Karlosek Pinondoko Juan Santos Orueren etxean hartu zuen ostatu. Gudaldietako giza eta diru galera izugarriei kolera izurritea gehitu behar zaie. Esan beharrik ez dago Durango ia lur jota gelditu zela. Lehenengo karlistada, Durangon, 1839. urteko abuztuaren 2an amaitu zen Espartero jenerala herrian sartu eta gero. 2. gerra karlistan (1872-1876) Durango, berriro ere, Karlos VII. erregegaiaren gortea bilakatu zen eta Francisco Zengotitaren agindupean 800 gizonez osotutako batailoi bat sortu zen. Lehenengo karlistadan bezala, lehen garaipenak Karlisten aldekoak ziren, baina gerrak aurrera egin ahala, liberalak garaile atera ziren. Azkenean, 1875eko otsailaren 4an, liberalen tropak herrian sartu ziren inolako eragozpenik gabe.

1882. urtean Bilbotik Durangorako trenbidea zabaldu zen, ahalegin handia suposatu zuena baina herriko ekonomiari bultzada handia eman ziona. 1886an Euskal Jaiak antolatu ziren Durangon, garrantzi handiko kultur ekitaldiak alegia. Aipagarriak dira bertsolarien eta txistularien lehiaketak eta, batez ere, literatura lehiaketak.

XX. mendearen hasieran, industria garatu zen Durangon. Aipagarrienak, Mendizabal, Ferretera Vizcaina eta Olma izanik.

1927.urtean Iurretako elizatearen anexioa eman zen. Honela, Durangok 2.000 biztanle gehiago izan zituen. Banatzea 1990.eko urtarrilaren 1ean gertatu zen.

Primo de Riveraren diktadurapean, diktadorea bera etorri zen Durangoko azoka zabaltzera. 1937.ko martxoaren 31an, Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), Durangok biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketa sistematikoa jasan zuen. Handik gutxira Nafarroako 1go Brigadako tropak Urian sartu ziren. 50. hamarkada arte gose eta eskasia urteak dira. Hamarkada honetan industriak, berriro ere, garapen handia ezagutu zuen eta honen ondorioz Estatuko beste lurralde batzuetatik, Extremadura eta Andaluziatik batez ere, etorkin multzo handia heldu zen herrira.

-Zer bisitatu herrian?









1- Santa Ana eliza: Santa Anako eliza estilo barrokokoa da, nahiz eta apaingarri gutxi duen. Herriko merkatua eliza aurreko plazan egin zen urteetan. Iturrizak XV. mendean kokatzen du Santa Anako fundazioa. XVI. mendean berreraikitze-lanak hasi ziren, baina eliza, Labayruren arabera, 1554an suntsituta gelditu zen. Ondoren, XVI. eta XVII. mendeetan zehar, berritze lanak burutu ziren, baina mende bat iragan behar izan zen aurreko eraikina ordezkatuko zuen hurrengoa eraiki zen arte, gaur egun ikusten duguna alegia. Proiektu berriarekin hasi zirenean bota zuten behera eraikin zaharra. 1723 urte inguruan, eraispen lizentziaren data, eliza berriak bere zimenduak ondo ezarrita zituen. Zabalkundea Lazaro de Incerak burutu zuen. Barriok aipatu bezala, gaur egungo tenplua Juan Ignacio de Urkizak diseinaturiko proiektuaren ondorio da. Santa Ana eliza Durangoko espazio zabal monumentalenean kokatzen da, Santa Ana plazan, hain zuzen ere. Ipar-hegoalde norabidean kokatzen da. Aurrealdean plaza bat dauka, inoiz, hilerri eta arma-plaza funtzioak bete izan dituena eta zezenak eta alardeak egiteko ere erabili izan dena. Fausto Antonio de Veitiak dioen bezala: “Harresien barruan bi plaza daude, Santa Anakoa eta Andra Mariakoa, eta bietan, larunbatero, gorde beharreko jaia ez bada, merkatua egiten da.nEzinezkoa da tenpluak eta honen ingurune arkitektonikoak (plaza) osatzen duten sintesia banatzea. Plaza 2009an zaharberritu zen. Zaharberritze-lanekin batera interbentzio arkeologikoa egin zen, eta aurreko elizaren aztarnak agertu ziren: lurperatzeak, egungo elizaren kanpaia egiteko moldea, kanpaia egiteko erabili zen brontzea urtzeko labea eta eliza zaharraren azpitik doan errota-bidea. Santa Ana eliza berria eliz arkitektura barrokoaren soiltasunaren adibide bikaina da: lerro arkitektonikoak gailendu egiten zaizkie apaingarriei. Oinplano herrerianoa du, hiru nabez osatua dago, eta iparraldean eta mendebaldean pilastradun arkupea du. Elizaren oinetan eta erdialdean, Santa Anako dorrea kokatzen da. Dorrearen goiko partean kanpai-dorrea dago, nabarmen murriztua eta linterna batez errematatua. Lau angeluko aurrealdea du eta alboak oktogonal samarrak dira. Gela osagarriak ditu presbiterioaren albo bietan.

                                      


2- Uribarriko Andra Maria basilika: Uribarriko Andra Mari Basilika XV. mendearen amaieran aipatzen
da Isabel Erregina Katolikoa Durangora egindako bisitaren kronikan. Arkupe ederra du itsatsia, Euskal Herriko handiena. Herritarrentzako aterpea izateaz gain, kultura ekitaldi asko bertan egiten dira.
Monumentu Nazionala da. Andra Maria eliza Euskal Herriko obrarik monumentaletarikoa da.
Elizaren atalik zaharrena, gerora eraberritze eta handitze zenbait ezagutu izan dituena, gotiko-errenazentista estilokoa da, XV-XVI. mendeetakoa alegia. 1554ko sutetik bizirik atera zen eraikinetako bat izan zen, nahiz eta kalte handiak izan zituen. Honengatik XVII. mendearen lehen laurdenean berreraiki egin behar izan zuten. Bigarren eraikitze honetan estilo klasizista-barrokoa nabarmendu zen, eta horixe da gaur egungo Andra Mariako elizak erakusten digun itxura. XVII. mendeko eraberritze honetan oso arkitekto ezagunek hartu zuten parte, esaterako San Juan de Urizarzabalak edo Juan de Ansolak. Ataripea 1679-1680 artean eraiki zen Barainkua eta Gabiria maisuen diseinuetan oinarrituta. Gerra Zibilaren ostean, eta bonbardaketek elizaren goialdean, elizpean, altzarietan, organoan eta erretaula nagusian eragindako kalteen ondorioz, eliza eraberritu egin behar izan zen berriro ere.



3- Tabirako San Pedro eliza: XVI. mendearen hasieran eraiki zen XII. mendeko eliza zegoen lekuan,
antza. Tradizioak dioenez, Bizkaiko eliza zaharrenetakoa omen da. San Pedroren jatorria eta fundazioa kondairekin nahasten dira. Hala ere, San Pedro elizako ikerketak kondaira alde batera utzi behar du
eta, aldi berean, aitortu beharko du iturri arkeologiko barik ezinezkoa dela noizkoa den jakitea.. Alberto Santana Ezquerrak, “Bizkaiko Monumentuak” taldeko obran, San Pedroren gaur egungo eraikina XV. mendearen bigarren erdialdean kokatzen du, gotikotik errenazimendura iragaitean, hain zuzen ere. Garai hau izan zen Bizkaiko arkitekturaren momentu gorenetarikoa. Tenplua lehendik zegoen beste baten gainean eraiki omen zen, berrerabilitako zenbait elementuk eta tradizioak berak erakusten duten bezala. Aztarnarik zaharrenak XII. mendekoak izan daitezke, alboetako horma
baxuenak  alegia. Tabira bi elementu ezberdinez osatuta dago: San Pedro eliza eta Errosarioaren kapera. Azken hau iparraldetik eransten zaio elizari. XVIII. mendetik aurrera daude bata besteari atxikita; baina interes handiena elizan dago, antzinakoa delako, legendazko ukitua duelako
eta bere balio artistiko handia eta altzari aberatsak dituelako.




4- Magdalenako baseliza: Ermita hau XIX .mendearen hasieran eraiki zen Madalenaren eliza zaharra eta San Lazaro ospitalea zeuden lekuan. Herrian zegoen Frantses armadak dekretuz agindu zuen Andra Mari eta Santa Anako elizpeetan zeuden kanposantuak hirigunetik ateratzea. Ermodoko errebalean dago. Zonalde honetako eraikinik aipagarriena Magdalenako eliza zaharra zen, eta 1664tik aurrera Durangoko kopatroia izandako Magdalenako Andra Mariri sagaratuta zegoen. Nabe bakarreko eliza polita zen. Magdalenako eliza bidearen beste aldean zegoen San Lazaro ospitalea babesten zuen. Urte bereko Errege aginduari jarraituz, 1809an, eliza behera bota zen orubean kanposantua eraikitzeko. Kanposantua 1811n bedeinkatu zen eta gero lekuz aldatu zen, eta leku horretan eraiki zen gaur egun ikusten dugun baseliza. Arkupe azpimarragarria du: Zornotza eta Balmasedako kanposantuetan dauden hilobi-kaperen antza handia du. Nabe bakarrekoa da eta laukizuzen formakoa. Burualde zirkularra du eta bi isurialdeko teilatuak estaltzen du. Bao bakarreko zurezko kanpai-horma du. Arkupea oinetan kokatzen da, bi zutabeen eta harlanduzko bi pilareen gainean.





5- Udaletxea: Udaletxea XVI. mendean altxatu zen. 1945ean berreraiki eta handitu egin zen, eta fatxadako jatorrizko pinturak berreskuratu: "Comédie Française" dakarte gogora. Ez dakigu Uria suntsitu zuen sutea baino arinago, 1554 urtea baino lehenago alegia, Udaletxe funtzioa betetzen zuen eraikinik ba ote zegoen Durangon; edo, ostera, udaletxe ibiltaria ote zegoen eta eginkizun hori alkatearen etxebizitzak betetzen zuen. Udal Artxibategian gordetzen den dokumentazioa kontutan hartuta, Bizkaiko Udaletxerik zaharrenetakoa da Durangokoa (1570), nahiz eta berezko itxura aldatu dituzten zenbait moldaketa eta aldaketa jasan dituen. 1554ko sutearen ostean Uria berreraiki egin zen eta orduan erabaki zen Udaletxea erdigunean kokatzea. Eta irizpide hau hartu zen:
“harresi barruko eremuarekiko eta harresitik kanpoko errebalekiko distantziakide izatea”. Beraz, hiriko erdigunea aukeratu zen funtzio zentrala betetzeko.


Oinplano irregularra erakusten du, eta beste eraikin batera atxikita dago atzeko partetik. Guztira hiru solairu ditu: behekoa eta beste bi. Behekoan plazara zabaltzen den arkupea dago, gurutze formako zutabeen gainean sostengatzen diren erdi puntuko zazpi arkuz osatua.
Lehenengo solairuan dinteldun baoak agertzen dira forjazko balkoi baten atzean. Goiko solairuan bao laukizuzenak ditugu, balkoi eta behealdeko arkuekin batera aurrealdearen ardatza eratzen dutenak. Eraikinaren elementurik interesgarrienak aurrealdean batzen dira. Hauetatik garrantzitsuenetarikoa bi irudik sostengatzen duten herriko armarria da. Baina, hala ere, udaletxeko elementurik aipagarriena
eta berezkoena fatxada gaineko rokoko estiloko margoak dira: Ignacio de Zumarragak 1770ean pintatu zituen “Frantziar komedian” oinarrituta. Gerra zibilaren ostean, Eloy de Garayk berriztatu zituen.





6- Lariz dorrea: Erdi Aroko dorre honetan Isabel erregina katolikoak hartu zuen ostatu, 1483an, Durangaldeko eta Uriko foruak zin egitera etorri zenean. 2009an zaharberritu da, eta bertan Turismo Bulegoaren egoitza berria dago. Bando-kideen arteko gerrateekin harremana duen Erdi Aroko dorretxetan du oinarri. Gerrate hauetan familia ezberdinek boterea lortzeko borrokatzen zuten. Behin liskarrak amaituta, gizarte maila ezberdinak sortzea ahalbideratu zuen aldaketa soziala eman zen
(merkatariak, funtzionarioak…) eta  botere politiko handia lortu zuten. Lariz Torrea hiri-dorre bezala definitzen da, ez duelako jadanik elementu defentsakoak. Ezaugarri nagusiak dira:  horizontaltasuna, baoen ugaritasuna eta hauen tamaina, eta bere izaera “teatrala”. Dekorazioari dagokionez, erabateko lehentasuna ematen zaio fatxada nagusiari. Gotiko berantiarrari dagozkion dekorazio-elementuak ditu: bao konopialak edo zorrotzak, geminatuak, asentu-leihateak edo gustu hispano-flandestarreko tailak. Errenazimenduari dagozkion beste batzuk ere nahasten dira: erdi-puntuko arkuak, leiho dintelduak,
sarritan bola edo iltze-buru ugarirekin dekoratuak. Fatxada nagusian simetria eta oreka bilatzen da, erdi-puntuko arku zabal bat erdi-erdian jarriz eta gurutzezko trazeria duten bao dinteldu handiak erregularki ordenatuta banatuz.





7- Santa Anako arkua: Durangoko hiribildua inguratzen zuen harresiko sei ateetatik gelditzen den bakarra da Santa Anako arkua, estilo barrokokoa. Harresia, hiria eta herria bereizten zuten elementu morfologiko onenetarikoa da. Erdi Aroko euskal hiribilduek harresia eraikitzen zuten kanpoko arriskuetatik babesteko. Hesietan atari fortifikatuak eta atexkak egiten ziren: urruneko herrietara edo inguruko nekazal gunera joateko bideen abiapuntu ziren. Horixe da Durangoko kasua. Erdi Aroko Uri moduan zegoen eratuta, eta komunikazio-lokarri papera betetzen zuen kostaldearen eta
Gaztelaren artean, batetik, eta Bizkaia eta Gipuzkoaren artean, bestetik. Durangoko harresiaren ate batzuei buruzko dokumentazio literarioa edo grafikoa egon badago, baina ate bakarrak irauten du gaur egun: Santa Ana Arkua. Izen bereko plazan dago, Gaztelarako bide zaharraren irteeran, XVIII. mendearen bukaeratik gurdibidea izan zena. Bide honetatik egiten ziren merkataritzako joan-etorri
nagusiak, Durangoko bizi-iraupena bermatzen zituzten merkantziak bertatik sartzen baitziren.






8- San Agustin kulturgunea: XVII. mendean Agustindarrek eraikitako eliza eta monasterioa da.
Era askotako ikuskizunak egiten dira bertan: antzerkia, musikaekitaldiak eta bestelako kultura-jarduerak. Kontraerreforman, heresiei eta erlijio-desbiderapenei aurre egiteko, errege Felipe II eta bere ondorengoak, elizkoien erretiro pribatuak, serorenak batez ere, klausurarantz bideratzen saiatu ziren. Horixe da Bizkaiko komentu askoren jatorria, baina ez Durangoko San Agustinena, orden hau aspalditik eratutako erakundea baitzen. Hala ere, alderdi komunak ditu, esaterako, ondare partikular baten menpe egotea -kasu honetan Calatravako zalduna zen Domingo de Garro jaunaren ondarearen menpe- eta abantailazko leku batean, errebaletan, kokatzeko formula. Agustinoak, 1584an, dagoeneko bazeuden Durangon -hasieran gutxi batzuk-, eta XVII. mendearen lehehengo erdira arte ez ziren guztiz finkatu. Aipatutako ondareak babestuta, Agustinoek, 1662an, komentu bat eraiki zuten, eliza, egoitza eta patioa barne. Erakundeak Jose Bonaparteren desamortizazioa heldu arte funtzionatu
zuen, XIX. mendera arte alegia. Hortik aurrera, udaletxearen menpe egongo zen. Patioa inguratzen dituzten gelen inguruan ospitalea eta zaharretxea jarri zuten. Duela gutxi, San Agustin eliza xede kulturaletarako bideratu zen, San Agustin Kultur Gunea bilakatuz. Kasu bietan eraberritzeak beharrezkoak izan ziren baina lanok ez zuten asko aldatu jatorrizko obraren izpiritua.






9- Landako gunea: Era guztietako jarduerak eta ikuskizunak egiten dira. Horien artean, nabarmenena, Euskal Liburu eta Disko Azoka da. Landako Gunean barruti garbia aurkituko duzu, zutaberik gabekoa,
modernoa eta erabilera anitzekoa. Instalazio modernoak ditu, aparkaleku zaindua eta modu guztietako ekitaldiak ospatzea ahalbidetzen duen zerbitzu gama zabala: bezeroaren neurrira eginda.
4.200 m2 horietan, besteak beste, azokak, kultur eta musika jaialdiak, erakusketak eta kontzertuak egiten dira. Urtean zehar, 50.000 pertsona baino gehiagok bisitatzen dute. Kokagunea ere pribilegiatua da: Durango (Bizkaia), Euskal Autonomi Erkidegoaren bihotzean dago, gainontzeko probintzietatik eta hiriburuetatik kilometro gutxira. Kokapen honek, gainera, interes handiko ondasun historiko-monumentala gordetzeaz gain, paisaia natural paregabe bat ere eskaintzen du: Urkiolako Parke Naturala. Landako Gunea 12.783 m2-ko orubean dago, ondoan Plateruena kafe antzokia eta  Elkartegia (enpresa mintegia) dituelarik. Landako Erakustazokak prisma handi baten itxura du, tankera sendoa irudikatuz. Sendotasuna eraikinari eusten dion egitura metalikoaren neurriari esker lortzen
da. Fatxada beira serigrafiatuakoa da.






No hay comentarios:

Publicar un comentario